Guraso agurgarriok,
Lehenengo eta behin ongi etorria eman 2009-2010.ikasturte berri honetara eta bide batez Elorrioko Institutuarengan jarri dituzuen gogo, asmo eta esperantzengatik eskerrak eman beharrean aurkitzen natzaizue. Hezkuntza Komunitatea denok osatzen dugu eta zuen seme-alaben hezkuntza eta heziketa guztion lana denez, guztiok, modu orekatu eta koordinatuan jokatuz aurrera eraman beharko dugun bizitzaegitasmoa da.
Orain arte egindakoari eutsiz, datozen ikasturteetan gure Institutuko kudeaketa pedagogikoa nahiz administratiboa aurrera eraman nahi duen lantaldeak, aurreko ikasturteetan egindakoaz hausnarketa eginez eta hobekuntzak proposatuz, honako zutabeetan oinarritu nahi du bere zerregina:
• Zuzendaritza taldeak izan behar duen lidergoan, bai pedagogikoan eta baita berritzailean ere sinestea.
• Zuzendaritza taldeak izan behar duen funtzionamenduari buruzko iritsi beretsua izatea.
• Eguneroko kudeaketaren aurrean irakasleriaren inplikazioa lortu beharraren aldeko apostua egitea.
• Elorrio Institutuko barneko nahiz kanpoko prozesuak hobetu nahia.
Sartu berri garen ikasturtean zenbait esparru pedagógico indartzearen aldeko apostua egin dugu gure antolaketa orokorrean, esaterako:
• Talde guztietako tutoreak izateko behin betiko irakasleak izendatu.
• Premia ikusiz gero NORBANAKO TUTORETZAT abian jarriko ditugu.
• ELEANITZ egitasmoa aurrera eramateko, beharrezkoak diren irakasgaien arteko loturak baino ez dira egin.
• Gure ikasleriaren ingeles-maila hobetzen joateko, 2009-2010.ikasturtean ere ingeles natiboa den irakasle bat ere izango dugu gure artean.
• Hezkuntza Premia Bereziko ikasleriari arreta egokiagoa emateko aurtengo ikasturtean Pedagogía Terapeutikako irakasle eta erdi izango ditugu.
Bestalde, aurtengo ikasturtean ere ez dira erronkak faltako:
• Konpetentzietan oinarritutako Currículum berriaren garapena
• KALITATEA HEZKUNTZAN egitasmoari eutsi eta gure prozedurak hobetzen joan
• Prestakuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko proiektuak aurrera eraman
• Herri ezberdinetako Institutuekin burutu nahi ditugun ELKARTRUKEAK antolatu
• IKTeak direla eta, Hezkuntza Sailak eskainitako INTRANET eta E-learning plataformen pilotaje egin
• ...
Eta guzti honen gainetik egunero-egunero zuen seme-alabei eskaini nahi diegun hezkuntza-maila hobetzen joatea da gure helburua. Hauxe da gure erronkarik nagusiena!!
Bukatzeko, ezin da ahaztu gure Institutua eraikitzearen ardura Hezkuntza Komunitate osoarena dela eta gu zuen seme/alaben heziketan bidelagun izango garela, baina beti argi izanda familien inplikazioa ezinbestekoa dugula guztiok nahi ditugun helburuak lor ditzagun. Bultza dezagun guztion artean elkarrekiko errespetuan oinarritutako harremanak eta aitortu diezaiogun langintza bakoitzari, baita irakasleok egiten dugunari ere, duen garrantzia gizarte orekatuen eraikuntzan.
Zuen iritzien eta hobekuntzen zain geratzen natzaizue.
Adeitasunez
JOSU ETXABURU OSA
Elorrioko Institutuko zuzendaria